Menu Close

Zer da Haurtzaro bizia?

Haurtzaro bizia nire prozesu terapeutikoan bi urte bete zirenean sortutako proiektua da.

Urte hauetan zehar, beste hainbat gauzen artean, prebentzioa zein garrantzitsua den konturatzen joan naiz.

Arrazoi horrengatik proiektu honen helburu nagusia prebentzioarekin zerikusia duten artikuluak, bideoak edota ikerketak euskaraz eskaintzea da, informazio hau norbaiti interesgarria irudituko zaiolakoan eta erabilgarria izango delakoan.

Espazio honetan psikologo, psikiatra eta ikertzaile ezberdinen lanak aurkituko dituzu gehienbat. Horrekin testu gehienak nireak ez direla esan nahi dut. Beraz, testu batzuek Copyright eduki dezakete eta beste batzuk, aldiz, libreak izan daitezke. Edozein kasutan, blogaren sarreran bertan zehazten joango naiz materiala moldatu edota banatu daitekeen eta zein baldintzatan egin ahal izango den.

Zergatik prebentzioa?

Prebenitzea sendatzea baino hobe dela esan ohi da, eta guztiz ados nago. Bizitza osasuntsua edukitzeko haurtzaro osasuntsua edukitzea beharrezkoa da, haurtzaroa baita kontzienteki zein inkontzienteki gure oinarri guztiak jartzen hasten garen momentua.

Etorkizunean gizarte osasuntsu batean bizi nahi badugu, gauzak hasieratik ondo egiten hasi beharko dugu. Horretarako gure haurrak zaindu eta babestu behar ditugu, samurtasunetik, onarpenetik, ulermenetik.

Zergatik euskaraz?

Alde batetik, hizkuntza nagusien aurrean euskal komunitateak mundu birtualean bere islada behar duela uste dudalako eta, bestetik, euskara edozerri buruz hitz egiteko erabili daitekelako (bai, baita psikologiari buruz hitz egiteko ere).

Haurtzaroan ereiten diren haziak helduaroan ernaitzen dira, izan hizkuntza, izan emozioak.

Zergatik dohainik?

Helburua informazio hau jendearengana iristea denez, materialak librea eta eskuragarria izan beharko luke. Horretaz gain, momentuz hau dohainik egitea bideragarria da.

Hala ere, laguntza ekonomikoa eskaini nahi baduzu, Webgune interesgarriak orrian dauden elkarte eta proiektu batzuek dohaintzak onartzen dituzte eta laguntza bihotzez eskertuko dute.