Menu Close

“Ez” gizatiarraren jatorria

Haur bat jaiotzen denean, 37 gradu zentigradutan dagoen utero bero batetik 18 edo 20 gradu zentigradutara ateratzen da. Nahikoa txarra da hori. Jaiotzaren shocka… nahikoa txarra. Baina hortik bizirik atera liteke ondorengo hau gertatuko ez balitz: atera ahala, hanketatik hartu eta ipurmasailean zaplada ematen zaio. Ongietorria zaplaztekoa da. Hurrengo agurra: haurra amarengandik urruntzea. Ezta? Haurra amarengandik urruntzea. Entzun nazazu. Sinestezina izango da hemendik ehun urtetara. Haurra amarengandik urruntzea. Amak ezin du haurra ukitu edota ikusi. Haurrak ez du gorputz-kontakturik, bederatzi hilabetez gorputz-kontaktua oso tenperatura altuan eduki ondoren; guk “gorputz-kontaktuaren energia orgonotikoa” esaten dioguna, haurra eta amaren arteko ekintza-eremua, amultsutasuna eta berotasuna. Gero, judutarrek zerbait ekarri zuten duela sei edo zazpi mila urte: erdainkuntza. Ez dakit zergatik ekarri zuten. Misterioa da oraindik. Zakil gaixoa kentzea. Labana hartzea eta mozten hastea. Eta mundu guztiak dio: “ez du minik ematen”. Mundu guztiak esaten du: “ez, ez du minik ematen.” Ulertzen da? Hori aitzakia da, noski, ihesbidea. Nerbio-bukaerak oraindik garatu gabe daudela diote. Hortaz, sentsazioa nerbioetan oraindik garatu gabe dago. Hortaz, haurrak ez du ezer sentitzen! Baina hori hilketa da! Erdainkuntza haurrekiko traturik okerrena da. Eta zer gertatzen zaie? Zuk begiratu besterik ez diezu egiten. Ezin dizute hitz egin. Negar besterik ezin dute egin. Txikiagotzen dira. Uzkurtzen dira, barruraka ihes egiten dute, mundu itsusi horrengandik urrun. Oso krudelki adierazten dut, baina esan nahi dudana ulertu duzu. Beraz, agurra hori da: haurra amarengandik urruntzea. Amak ezin du ikusi. Hogeita lau edo berrogeita zortzi orduz ezer jan gabe. Ulertzen? Zakila moztea. Eta gero okerrena dator: haur gizajoa beti luzatzen saiatzen da, berotasun pixka bat aurkitu nahian, zerbaiti heltzeko nahian. Amari doakio, bere ezpainak amaren titiburuan jartzen ditu. Eta zer gertatzen da? Titiburua hotza dago, edo ez da tente jartzen, edo esnea ez da ateratzen, edo esnea txarra da. Eta hau nahiko orokorra da. Ez da mila kasuren artean bakarra. Orokorra da. Ohikoa da. Orduan umeak zer egiten du? Nola erantzuten dio horri? Nola erantzun behar dio bioenergetikoki? Ezin da zuregana gerturatu eta esan: “aizu, begira, asko sufritzen ari naiz, ikaragarri.” Ez du “ez” hitzarekin adierazten, ulertu dezakezun moduan, baina egoera emozionala hori da. Eta guk, orgonomistok, badakigu. Gure pazienteetan ikusten dugu. Beren egitura emozionaletik ateratzen dugu, beren portaeratik, ez beren hitzetatik. Hitzek ez dute balio hori adierazteko. Momentu horretan, hasiera-hasieran, ezinikusia garatzen da. Momentu horretan, “ez” hori garatzen hasten da, gizartearen “EZ” erraldoia. Eta gero mundua nahaste-borrastea zergatik den galdetzen duzu.


Sarrera hau Wilhelm Reichen The Source of the Human “No” testuaren itzulpena da, Children of the Future: On the Prevention of Sexual Pathology liburutik aterata. Testua ezin da moldatu edota banatu, baina partekatze oro eskertua da.

BIBLIOGRAFIA

Reich, W. (1983) “The Source of the Human No”. Children of the Future: On the Prevention of Sexual Pathology, Toronto: McGraw-Hill Ryerson Ltd.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude