Menu Close

Haurrekiko tratu txarrak

Zenbait astetan zehar fenomeno bitxia ikusi izan dut. Amek beren haurrak haur-kotxean paseatzera ateratzen zituzten egun eguzkitsu eta oskarbietan, baina haurtxoak beren sabeletan etzanda zeuden. Beren burua eustera behartzen zituzten, baina burkora erortzen jarraitzen ziren. Muskulu dortsalak tenkatuak zeuden. Hauetako haur batzuk negarrez ari ziren, beste batzuk adiakatzen ari ziren, eta hirugarren talde bat egin beharreko esfortzu fisikoaren ondorioz zarata etsigarriak botatzen ari zen. Hasieran, haurrak posizio horretan ikusi nituenean, amek beren haurrak sabeletan etzanda kasualitate hutsez jarri zituztela uste nuen. Hala ere, nire inguruan gertatzen ari zen haur-tortura hura geroz eta gehiago nabaritu nuenean, argi geratu zen horietako mania esporadiko eta, aldi berean, endemikoa nuela aurrean; natura oso era modernoan zuzentzera bideratua dagoena, “baliabide tekniko eta zientifiko guztiak” erabiliz.

Duela bi hamarkada baino pixka bat gehiago, medikuek eta amek, era berean, haurren belaun izatez okerrak indarrez zuzendu behar zirelaren sineskeria sustatu zuten. Haurra momia baten antzera guztiz biltzea ohiko praktika zen, bere gorputza zurrun eutsiz. Haurtxoek oihukatzen zuten, negar egiten zuten eta triste zeuden, baina ezin zutenez hitz egin, ezin zieten mediku eta amei esan hanken artikulazio okerrak guztiz naturalak zirela eta, hain zuzen ere, egoera horretan eroso zeudela; eta, aldiz, hanken luzaketak mina eta sufrimendua sorrarazten ziela. Momentu horretan medikuen eta amen kezka haurren hankak okertuta jarraituko zutela zen, artifizialki luzatu ezean. Haurraren gorputza hamarkada batzuez horrela torturatu ondoren, zeinak haurraren garapen emozionalean ondorio larriak izan zituen, umeek behar bezala ibiltzen ikasten dutela deskubritu zen, hankak ondo zetorkien modura edukitzen uzten bazieten ere.

Tortura hau nekez ezeztatu ez eta krudelkeria modu berria haurtxoaren mundua suntsitzen hasi zen, autoritate zientifiko gorenek babestuta. Europako pediatra ospetsuek, zeinek haurren plazera etengabe ukatzen zuten, bat-batean haurren janaldiak “guztiz zientifikoki” kontrolatu behar zirela erabaki zuten. Haurtxoei beren amaren bularretan otordu kopuru batzuk soilik baimentzen zieten, ez zehatz-mehatz definitutako denbora baino minutu bat lehenago edo beranduago eta ez “zientziak agindutako” gramo bat gutxiago edo gehiago. Berriro, haurtxoek tortura zehatz honengatik mainekin eta garrasiekin protestatzen zuten, baina protesta-erantzun larriagoekin ere bai, hesteetako desoreka larriak kasu. Baina berriro, beren buruak adierazteko ezgai izan ziren.

Ordutik hirugarren haur-sarraski mota bat ezeztatzen ahalegindu gara, hau da, eskuak lotzea genitalak uki ez ditzaten eta hatz lodia zupatu ez dezaten. Tratu txar honek mendeak iraun ditu eta pertsona neurotikoen hainbat belaunaldi sortu ditu. Horren helburu bakarra helduen beharra asetzea zen: beren haurtzaroan izan zituzten zurrupatze- eta masturbazio-nahiak ez gogoratzea. Freud bat eta analitikoki entrenatutako pedagogoen bi belaunaldi behar izan ziren tortura horren aurkako borroka abiarazteko. Oraindik ere bide luzea dugu haurrak bere plazer-funtzioa askatzeko aukera duela esateko.

Eta, orain, masakre-forma berri eta nabarmen eguneratu bat ikusten ari gara. Zeru urdin polita, zuhaitzak eta pertsonen aurpegiak begiratzeko aukera eduki beharrean, haurtxoak burko zuri bat besterik ez du ikusten. Haurrak bizkarrezurreko kurbadura ahur naturalari eustea ahalbidetu ordez, pertsonak “bizkarrezurreko muskuluengatik kezkatuta” daude, eta lordosia eragiten dute ez pubertaroan, iraganean bezala, haurtzaroan baizik. Haur-tortura horren zergatia aztertuz gero, erantzuna jarrera horrek “lepoko eta bizkarreko muskuluak sendotzen laguntzen duelalitzateke.

Bestalde, jakin nahiko genuke zergatik aritzen den haurren hazkuntzaren azken teoria lepoko eta bizkarreko muskuluei buruz, baina sabeleko muskuluak, pelbisa, genitalak eta abar ez dituen kontuan hartzen. Ez litzateke hobea eta zentzuzkoagoa izango haurtxoentzako hainbat ariketa on egitea gorputzeko muskuluak sasoi onean mantentzeko, lordosi goiztiar hori sortu beharrean? Hainbat arrazoi daude “haurren ongizateari” buruzko azken kezka honen inguruan oso eszeptikoa izateko. Haurrek hain goiz hartu behar duten jarrera fisikoa kronikoki modu finkoan helduengan aurkitzen dugunaren berdina da, hala nola lepoaren, bizkarraren eta muskulu sakroen zurruntasuna, dagozkien gaixotasun kronikoekin; esate baterako, erreuma, lunbagoa, lordosia eta eskoliosia. Hain zuzen ere, hau da orgasmoaren erreflexuaren* aurkako jarrera.

Neurri hauen inguruko abisu ahalik eta zorrotzenak eman beharko lirateke. Berez, arrazoi irrazionalek baldintzatzen dituzte, eta ez haurtxoarekiko kezkak. Haurtzaro goiztiarrean espezialista diren hainbatekin erabat ados gaude neurri artifizial eta antinatural horien kontra egon beharko ginatekeela esaten dutenean. Haurrei izatera behartzen zaien ahoz beherako jarrerak haurren garapen fisiko eta emozionalean ondorio kaltegarriak dituela uste dugu. Neurri honek haurtxoa gatazka jasanezin, larri eta kaltegarri batean uzten du.

Gorputzaren funtzio naturalak sustatu behar ditugu, eta ez oztopatu. Mediku zahar eta esperientziadunek medikuntzaren artearen lehen printzipioa “kalterik ez eragitea” eta naturak berak lesioei aurre egiteko ezgai zenean bakarrik esku hartzea zela baieztatu zuten. Hala ere, ahoz gorako jarrera haurtxoentzako jarrera naturala da, aldaka eta hanken artikulazio okertuak diren bezala. Premiazkoa dirudi propaganda mediko eta pedagogikoa argi eta garbi berehala egitea, azken kezka hau haurren garapen naturalarekin geldiarazteko. Hala ere, haurtxo bat erosoago sentitzen bada bere sabelean etzanda egonda, hori egiten utzi beharko genioke. Baina ahoz gorako jarreraren inposizio diktatorialari amaiera eman beharko litzaioke; bestela, orain arte mota ezezaguneko neurotikoen belaunaldi berri bat sortuko da.

*Ikus The Function of the Orgasm


Sarrera hau Wilhelm Reichen Maltreatment of Infants testuaren itzulpena da, Children of the Future: On the Prevention of Sexual Pathology liburutik aterata. Testua ezin da moldatu edota banatu, baina partekatze oro eskertua da.

BIBLIOGRAFIA

Reich, W. (1983) “Maltreatment of Infants”. Children of the Future: On the Prevention of Sexual Pathology, Toronto: McGraw-Hill Ryerson Ltd.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude