Menu Close

Haurren sexualitateari, plazer korporalari eta autoerregulazioari buruz

Testu hau 2007ko azaroan Zarzalejon izan zen Amaryiko topaketan izan genuen eztabaidarako idatzia izan zen. Eztabaida horretan iruditu zitzaidan “haurren sexualitatea” zer den argitu behar zela. Izan ere, gure hizkuntzan sexualitatea eta genitalitatea nahasita daudela uste dut.

Nik uste dut sexualitatea plazer korporala dela; hau da, plazeraren ekoizpena eta hedapena giza-gorputzean. Kontua ez da plazera gorputzerako ona denik, bere autoerregulaziorako ezinbestekoa dela eta funtzio oso garrantzitsua duela baizik.

Gorputza osatzen duten sistema molekularren, plasmatikoen, zelularren, organoen, hainbat sistemaren eta abarren multzo hiperkonplexua gara. Sistema bakoitzak berezko autoerregulaziorako gaitasuna du, baina bere irekiera eta besteekiko harremana mantendu behar ditu, barne biltzen dituen eta bilduta dagoen sistemekin. Harreman hori funtzionamendu sinergikorako beharrezkoa da; hau da, denek barne-erritmo berean funtzionatu dezaten. Horrek zapaltzen gaituztenean edo substantzia pozoitsuren bat irensten dugunean gure gorputz osoak erreakzionatzea eragiten du. Eta sistema bakoitzak, berezko autoerregulazioa eginez, osotasunaren sinergia ere egiten du.1

Plazera ez da neokortexaren ilusioa: giza-gorputzaren sistema guztietan (plasmatikoa, zelularra eta abarretan) ematen den barne-mugimendua da; eta bere funtzioa sistemen arteko erritmoa mantentzea da, beraien arteko harremanaren jarioa mantenduz.

Mugimendu honek bizitzaren mantentzerako duen garrantziaren ideia ebolutiboki finkatutako pertzepzioak ematen digu. Hau da, mugimendu hau, hautemateko modu horrekin batera, bizitza-forma ezberdinen eboluzioan finkatu bada, gorputzek hori bilatu dezaten da, eta horiek mugimenduak gidatzea utz dezaten.

Gure zibilizazio patriarkalak egun dugun plazer korporalaren aurkako kultura sortu zuen; hain justu, autoerregulazioaren desbitalizazio eta haustea barneratzeko; eta giza-izakien dominazioa, hierarkia eta menderatzea ezartzeko (idia egiteko zezenaren zikiratzea bezala). Horregatik, gure zibilizazioak plazera zigortu zuen, batez ere emakumeena eta haurtzarokoa. Jada plazera bekatu denik ez da esaten, baina duen garrantzia ez zaio ematen; existituko ez balitz bezala jokatzen da. Haurtxoaren beharren inguruan hitz egiten da eta, noski, afektuaren inguruan hitz egiten da. Baina afektu horrek ez du beti plazer korporala barne hartzen, aitzitik, baztertzen du.

Giza-izakiek plazer korporala behar dute. Groddeck-en (1923, El libro del ‘ello’, Taurus, Madrid 1981) arabera, gure hondakin-produktuen kanporaketa gune erogenoetan kokatuta dago bere garbiketak beharrezkoa den plazera sor dezan: ama ugaztunek beren kumeak miazkatuz garbitzerakoan ematen dieten plazeraren antzera.

Hori esan dut ezin delako haurtxoaren intimitatearen inguruan aritzean ‘gehiegikeriaz’ edota ‘tartean sartzeaz’ hitz egin (intimitate hori hasierako aroan behintzat amarekin partekatua da), aldi berean plazer korporalaren beharrari buruz ez bada hitz egiten; tartean sartzearen izenean, bestela, laztanak eta plazer korporala ukatu daitekeelako. Eta hori, hain zuzen ere, globalizatutako puritanismo garai hauetan gertatzen ari da.

Laztana eta agresioaren arteko ezberdintasuna mundu guztiak dakiela uste dut, konplazentziaren eta gehiegikeriaren artean. Ezin da dena zaku berean sartu. Eta okerrena da plazer korporala ukatzen duen globalizatutako puritanismo honek izaki bortitzak sortzen dituela.

Hori James W. Prescott neurologo iparramerikarrak demostratu zuen, 1975ko azaroan Atomist Scientist-en argitaratutako lanarekin (Body Pleasure and the origins of violence). Industriaurreko baldintzetan bizi ziren 49 herritan hainbat alderdi aztertu zituen. Batzuk emakumeak zuen sexu-askatasunari buruz, ama-haurren loturari buruz, haurtzaroko plazer korporalari buruz eta nerabezaroko sexu-harremanen askatasunari buruz; eta beste batzuk herri horietako indarkeriari eta joera suntsitzaileei buruz. Sexu-askatasunaren eta indarkeriaren arteko korrelazioa oso adierazgarria izan zen (sexu-askatasun gutxiagok indarkeria gehiago dakar). Herri bakar batek baino ez zuen korrelazio hori ezeztatu. Ondorioa izan zen %2ko huts egiteko aukera soilik aurresan zitekeela plazer korporalarekiko errepresio handiagoa zegoenean indarkeria gehiago gertatuko zela. Ikerketa zientifiko batean ezar daitekeen korrelazio altuenetako bat da hori.

Gerora, Prescott-en ikerketa berrikusi da eta erratu zela frogatu da: korrelazioa aztertutako herrien %100ean emango litzateke (hau da, korrelazioa ez emateko %0ko aukera dago). Ikerketa honi esker, Carl Sagan-ek Cosmos liburuan zera aipatu zuen: gizateriarengatik zerbait egin nahi badugu, haur bat ikustean, besoetan hartu eta besarkada bat eman beharko genioke.

Sexualitatea, ez heldutasuneko genitalitate gisa ulertuta, baizik eta plazer korporalaren produkzio eta hedapen guztia bezala ulertuta, haurtxoen autoerregulaziorako beharrezkoa da. Sexualitatearen eta genitalitatearen arteko nahasketa oso larria da; izan ere, horrek haurren sexualitatea erreprimitzen du, haurtzaroaren eskubideen defendatzaile sutsuen partetik ere.

Nahasketa honek Alice Miller haurren sexualitatea ukatzera eraman du L’enfant sous terreur (alemanez, 1981; frantsesez, 1986) liburuan. Beharbada, horregatik Tusquets-ek itzuli ez duen liburu bakarretako bat da. Behin, elkarrizketa batean, Alice Miller-ek harrituta zegoela esan zidan, Espainian itzuli nahi izan ez zutelako eta bere libururik garrantzitsuenetakotzat hartzen duelako (eta alderdi askotan hala da); uste dut Tusquets-ek ez duela argitaratu haurren sexualitatea esplizituki ukatzen duelako. Kontua da Alice Miller-ek sexualitatea deitzen diola haren alderdi bat besterik ez denari, hots, helduen koito-genitaltasunari.

Zehaztugabeko sexualitate orokor baten ideia badagoela uste dut, baina benetako sexualitatea koitoarena dela. Sexualitatea plazeraren produkzio eta hedapen gisa ulertzen denean, autore askok egin duten bezala, kontzeptua ongi zehaztuta geratzen dela uste dut.

1 Sistemen sinergiari buruz: Henri Laborit (Mecanismos biológicos y sociológicos de la agresividad: La violence et ses causes. Ed. UNESCO, Paris 1981. Hemen deskargatu daiteke: www.unesco.org)


Testu hau Casilda Rodrigáñezen La sexualidad infantil y la autorregulación artikuluaren itzulpena da. Hau partekatzeko eta banatzeko libre zara.

BIBLIOGRAFIA

Rodrigáñez, C. (2007) La sexualidad infantil y la autorregulación: https://sites.google.com/site/casildarodriganez/–la-sexualidad-infantil-y-la-autorregulacion-2007 (2021eko urtarrilean kontsultatuta)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude