Menu Close

Haurtxoen negarrari buruzko adierazpena

Jaioberri batek oihu egitea alferrik dela ikasten duenean… bere lehenengo sumisio-esperientzia pairatzen ari da.

Michel Odent

Gizonok eta emakumeok, bizitzaren eta ezagutzaren arlo ezberdinetan lan egiten dugun zientifiko eta profesionalok, gure haurrak bizi eta haziko diren munduaren inguruan kezkatuta gauden gurasook ondorengo adierazpen hau egitea beharrezkoa ikusten dugu:

Egia da mendebaldeko gizartean haurtxoen negarra ohikoa dela, baina ez da egia “normala denik”. Haurrek beti ondoeza sorrarazten dien zerbaitengatik egiten dute negar: logurea, beldurra, gosea, edo ohikoena eta aurrekoen kausa izan ohi dena, bere amarekiko edo inguru afektiboan dauden beste pertsonekiko kontaktu fisiko faltagatik.

Haurtxoek ondoeza adierazteko duten mekanismo bakarra negarra da, arrazoia edozein dela ere; beren itxaropenetan, beren continuum filogenetikoan, ez da aurreikusten negar horri kasurik ez zaionik egingo, ez baitute bestelako baliabiderik sentitzen duten ondoezaren berri emateko eta ezin dutelako bere kabuz hori konpontzeko neurririk hartu.

Jaioberriaren gorputza amaren altzoan behar duena eskuratzeko diseinatua dago, bizirauteko eta ondo sentitzeko: elikagaia, berotasuna, atxikimendua. Arrazoi horrengatik itxaronaldiaren noziorik ez du; dagokion lekuan egonda, behar duen guztia eskura duelako. Gorputza gorputzarekin hazi den haurtxoak ez du behar-, gose-, hotz-, bakardade-sentsazioa ezagutzen eta ez du inoiz negar egiten. Jean Liedloff iparramerikarrak The Continuum Concept obran dioen bezala, haurtxoaren lekua ez da sehaska edo haur-kotxea, giza-altzoa baizik. Lehenengo urtean zehar hala da, eta lehenengo bi hilabeteetan modu ia esklusibo batean (horregatik, erditu berri dutenen “berrogeialdi” ospetsua). Gerora, inguruko beste gorputz batzuk ordezkari izan daitezke une batzuetan. Haurraren garapenak berak denboraldi sinbiotikoaren amaiera adierazten du: osifikazioa bukatzen denean eta haurra ibiltzen hasten denean, orduan hasten da autonomo izaten eta egoera sinbiotikoa desagertzen hasten da.

Egia argia, xumea eta agerikoa da.

Bularreko haurrak bere digestio-sistemarako esne egokia hartzen du eta, gainera, edoskitzeen iraupenaren arabera bere konposizioa erregulatu dezake; beraz, amaren altzoan hazitako haurrak digestio-arazorik ez du izaten.

Haurtxoak negar egiten badu eta ez bazaio kasurik egiten, desesperazio handiagoarekin egiten du negar sufritzen ari delako. Hainbat psikologoren arabera, haur baten negarrari hiru minutu baino gehiagoz kasu egiten ez zaionean, haurtxoaren integritatean zerbait sakona hausten da, baita inguruarekiko konfiantza ere.

Gurasook batzuetan ez gara hori jasateko gai, “haurrek negar egitea normala dela” eta “negar egiten utzi behar zaiela, ohitu daitezen” erakutsi diguten arren. Horrek bereziki sorgortu gaitu, negarrak eragin ez diezagun. Arrunta denez beraiengandik hurbil egonez gero, beren sufrimendua sentitzen dugu eta gurea balitz bezala sentitzen dugu. Barrenak nahasten zaizkigu eta ezin dugu beren mina onartu. Ez gara guztiz gizatasunik gabe geratu. Horregatik, metodo konduktistek pixkanaka joatea proposatzen dute, egunetik egunera elkarrekiko sufrimendu hori hobeto pairatu ahal izateko. Honek izen komuna dauka: “torturaren administrazioa”, haurrei hau egitea tortura hutsa delako, eta geure buruei ere egiten diogu, arau pedagogikoz edo pediatrikoz mozorrotu arren.

Estatu Batuetako eta Kanadako hainbat zientzialari (biologoak, naurologoak, psikiatrak, eta abar), laurogeita hamarreko hamarkadan, giza bizitzaren lehen etaparen inguruan garrantzi handiko ikerketak egin zituzten. Haurraren eta amaren (eta bestelako ahaideen) arteko azala azalaren kontra, gorputza gorputzaren kontra baldin badago, neuronak eta sistema immunologikoa eratzeko beharrezkoak diren modulatzaile kimikoak sortzen direla frogatu zuten. Hau da, gorputz-kontaktuaren gabeziak haurtxoen garapen normala aztoratzen du. Horregatik, haurrak sehaskan bakarrik lo egiten uzten zaienean, beraiena dena eskatuz negar egiten dute.

Azkeneko 50 urteetan, Mendebaldean, sektorearen multinazionalek bultzatutako kultura eta ohiturak sortu dira, haurraren gorputza amarenaren kontra ezabatzen dituztenak eta hazierari gizatasuna kentzen diotenak. Azala plastikoarekin eta giza-esnea esne artifizialarekin ordezkatzen denean, haurra eta ama gehiago bereizten dira. Gainera, amaren logelatik urrunago dauden beste logela batzuetatik haurra entzuteko walkie-talkie bereziak asmatu dira. Garapen industriala eta teknologikoa ez dira haurtxoen zerbitzura jarri, eta amaren funtzioen robotizazioa muturrera eraman dute.

Haurren hazieraren kultura horretaz gain, emakumeen amatasuna gehiago eta gehiago medikalizatzen ari da; gure bizitza sexualaren aro atsegina izan ordez, gaixotasun hutsa bilakatzen da. Osasun-protokoloen eskutan egonda, emakumeok gure gorputzekiko sentsibilitatea eta kontaktua sorgortzen dugu eta gure sexualitatearen parte bat galtzen dugu: haurdunaldiaren, erditzearen eta erditu ondorengo plazera, edoskitzea barne. Aldi berean, emakumeok gizonen mundu laboral eta profesionalean sartu gara, gizonek eta gizonentzat egina, eta beraz, amatasuna kanpoan uzten du. Horregatik, industrializatutako gizarte honetan amatasuna eremu pribatuan eta etxean giltzaperatu da. Hala ere, milaka urtez, emakumeak bere lanak eta jarduerak egin ditu haurra gorputzetik zintzilik daraman bitartean, Mendebaldekoak ez diren gizarteetan oraindik gertatzen den bezala. Emakumea eta haurraren presentzia agertoki publiko, laboral eta profesionaletara itzuli behar du, giza-garapenaren etorkizuna suntsitu ez dadin.

Epe motzera haziera-eredu robotizatua kaltegarria ez dela dirudi, ez dela ezer gertatzen, haurtxoek bizirauten baitute; baina Michel Odent (1999 eta www.primal-health.org) bezalako zientzialariek, hainbat ikerketa epidemiologikotan oinarrituz, robotizazio horren aspektu ezberdinen eta helduaroan gertatzen diren gaixotasunen arteko agerian utzi dute. Bestalde, eremu publiko zein pribatuan handituz doan indarkeriak ere tratu txarrean eta giza-bizitzaren lehenengo plazer korporalaren faltan du jatorria, Alice Miller (1980) psikologo suitzar-alemaniarraren eta James W. Prescott (1975) neurofisiologo estatubatuarraren ikerketek frogatu dutenez, bi izen soilik aipatzearren. Horretaz gain, drogekiko menpekotasunak eta nahasmendu mentalak lehen etapa honetan jaso izan den bortizkeria eta bazterketiarekin duten lotura agerian utzi dituzten ikerketak ere badaude. Horregatik, kentzen zaiena falta zaienean, haurrek negar egiten dute; badakite zer behar duten, badakite beren bizitzen momentu horretan zer dagokien.

Haurren negarrari errespetu eta aitorpen/onarpen sakona sentitu beharko genuke, eta benetan pentsatu beharko genuke ez dutela negarra arrazoirik gabe egiten, edo are gutxiago gaiztoak direlako. Haiek erakutsiko digute zer egiten ari garen gaizki.

Haur batek negar egiten duenean gure barruan sentitzen duguna ere ezagutu/aztertu beharko genuke; burua nahas dezaketelako, baina zailagoa da erraietako pertzepzioa nahastea. Haurraren tokia gure altzoa da: kontu honetan, umea eta gure erraiak ados daude, eta biek beren arrazoiak dituzte.

Ez da egia haurrarekin lo egitea arrisku-faktorea denik “bat-bateko heriotza” deritzon fenomenoarentzat. The Foundation for the Study of Infant Deathsen arabera, bat-bateko heriotzaren ondoriozko heriotza gehienak sehaskan gertatzen dira. Estatistikoki, beraz, seguruagoa da haurtxoarentzat ohean amarekin eta aitarekin lo egitea bakarrik lo egitea baino, hauek alkoholikoak, drogazaleak edo gizenegiak direnean izan ezik.

Azaldu dugun guztiarengatik, gure kezka handia adierazi nahi dugu E. Estivill neurologoak Duérmete Niño liburuan (Estatu Batuetan hedatutako Ferber metodoan oinarritua dagoena) proposatu duen metodoaren hedapenari dagokionez. Metodo horren bidez, gurasoek beren haurren negarrarekiko duten tolerantzia sustatu eta landu nahi da. Konduktismo hori bereziki erradikala eta bereziki kaltegarria da, kontuan hartuta oraindik ere haurra heziketa-aroa dagoela. Ez da loaren nahasmenduak tratatzeko metodo bat, batzuetan aurkezten den bezala, baizik eta giza-bizitza ahalik eta azkarren menderatzeko metodo bat. Metodo horren ondorio larriak agerian jartzen hasi dira.

Gure giza izaerarekin bat datorren kultura eta zientzia behar ditugu, robotak ez garelako, sentitzen eta ikaratzen garen izakiak baizik gure nagusien gorputza falta zaigunean. Horretan laguntzeko, zure seme-alabak ORAIN sufritzeari utz diezaion, eta gaizki sentitzen bazara zure haurrari negar egiten entzuten diozunean, egin iezaiozu kasu, eskatzen ari dena sentitzeko besoetan har ezazu; seguru asko hori besterik ez du nahi eta behar, zure gorputzarekiko kontaktua. Ez ukatu.


Sarrera hau Declaración sobre el llanto de los bebés adierazpenaren itzulpena da. Testu originala Casilda Rodrigáñezen, ESTERen edota Costa Ricako Osasun Ministerioaren webgunean ikus dezakezue, besteak beste. Testua moldatzera, banatzera edota partekatzera animatzen zaituztet.

Creative Commons lizentzia
Lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude